Albisteak 2020

LEHIAKETA

19 Uzt 2020

Bermeo Urdaibai Aviak denboraldiko lehen bandera eskuratu du

Bermeo Urdaibai Aviak denboraldiko lehen bandera eskuratu du Bermeo Urdaibai Aviak denboraldiko lehen bandera eskuratu du

Bou Bizkaiak azken luzean estropada apurtu, eta Orioko XXX. Estropadak - VIII. Orio Kanpina Bandera irabazi du, eta emakumezkoetan Donostiarra Lacturalek lortu du garaipena 

Ohorezko txanda modu ikusgarrian hasi da, eta hiru tripulazio parean iritsi dira azken ziabogara, Ama Guadalupekoarengandik zortzi segundora. Bertatik atera ostean, Bermeo Urdaibai Aviak ihes egitea lortu du, eta pixkanaka-pixkanaka orain arteko denborarik onena murriztu du. Horrela, azken denbora 20:10.41ean gelditu dute. Etxeko traineruak, Orio Arraunketa Elkarteak, ezin izan dio Bou Bizkaiaren erritmoari eutsi eta 20:18.86ko denborarekin iritsi dira helmugara. Liderrak, Santurtzi Transportes y Gruas Aguadok lidergoari eutsi dio eta puntu bakarra galdu du sailkapen nagusian. 20:24.77ko denborari esker egin du. Azkenik, Zierbena Bahias de Bizkaiak ezin izan dio hiru tripulazioen erritmoari eutsi lehen kaletik, eta denbora galtzen joan da, eguneko zazpigarren postura jaitsiz.


Bigarren txandatik, Go Fit Hondarribiak Donostiarraren parean izan dira lehen luzean. Bigarrenetik aurrera, bakarkako lana egin du, eta denboraldiko hirugarren garaipena lortzeko zorian izan da. Donostiarra Amenabarrek, bere aldetik, irteera faltsua egin du, eta hiru segundoko zigorra jaso dute. Hala ere, Ama Guadalupekoaren erritmoari eutsiz ekin diote euren lanari eta 20:26.26ko denborarekin sailkapeneko bosgarren postuan bukatu dute. Cabok Donostiarra gainditzeko zorian egon da. Estropadan zehar zortzi segundora egon arren, eta hiru segundoko zigorrarekin, donostiarrengandik ehunenekora bakarrik geratu dira 20:26.80ko denborarekin. Zarautz Babyautok, bere aldetik, ezin izan du atzoko erritmo berarekin jarraitu, eta lehen kaletik, 20:48.39ko denborarekin, azken postuan bukatu dute.


Lehen txandan, Aresek atzoko arantza kendu nahi izan du, eta txanda irabaztera atera da. Hala egin du, pixkanaka-pixkanaka bere jarraitzaileekiko aldea handitu egin baitute. 20:30.31ko denborarekin zortzigarren denborarik onena lortu dute. Atzetik sartu da Lekittarra Elecnor 20:35.40ko denborarekin. Bestalde, Ondarroa Cikautxo ongi ekin diote, eta indarra galtzen joan dira, eta lehen bi luzeetan lehen postuan egon ostean, hirugarrenean galiziarrek eta bizkaitarrek gainditu dute. Azkenean, ia Kaikuk ere gainditu du. Azkenean, 20:43.08ko denborarekin hamargarren postuan bukatu du eguna Kaiku Vusak 20:45.54ko denborarekin, Zarautzi sailkapenean puntu bat berreskuratuz.

Lacturale Donostiarraren babesaren estreinaldi handia
Arraroa izan da emakumezkoen estropada. Donotia Arraun Lagunaken parte-hartzerik gabe, hiru izan dira irteera hartu duten tripulazioak. Bertan, lehen paladatik, Donostiarra Lacturalek, asteburu honetan babesletza estreinatuz, estropada bikaina egin du. Hasieratik, errekaren aurrea hartu dute. Etxekoek, donostiarren erritmoari eutsi eta ziabogan bi segundoko desabantaila izan arren, luze egin zaie itzulerako luzea. Donostiarrek olatuak aprobetxatu dituzte, eta pixkanaka aldea handitu dute helmugan lortutako zazpi segundoetara arte. Donostiarrek 10:51.74ko denbora egin dute, eta Oriok 10:58.80koa. Hondarribia Bertako Igogailuak taldeak, bere aldetik, ezin izan dio bi tripulazioen erritmoari eutsi, eta pixkanaka denbora galtzen joan dira, helmugan 11:22.36ko denbora eginez.

Bilbok eta Lekeitiok hartuko dute txanda
Datorren astean, estropadak Bizkaiara itzuliko dira, hiriburuan bertan izango da asteburuko bi estropadetako lehena, eta Lekeition izango da igandean. Larunbatean Bilboko XI. Bandera jokatuko da Eusko Label Ligan eta igandean, berriz, El Correo Ikurriña – BBK Sari Nagusiaren txanda izango da. Eusko Tren Ligari dagokionez, Bilboko II.Bandera izango da lehian, eta igandean IX. Euskotren Bandera.

Itzuli