Albisteak 2019
BEREZIAK
13 Ira 2019
Bi bandera handi, Eusko Label Ligako azken hatsean
20 jardunaldiren ostean, arraunaren maila gorenak agur esango dio denboraldiari Bermeon eta Portugaleten
Eusko Label Liga azken asteburuan sartu da, eta bi bandera klasikoekin emango zaio aurtengo arraun sasoiari. Larunbatean, Bermeoko Hiriko XXXVII. Bandera - Avia Sari Nagusia jarriko da jokoan, eta igandean, berriz, XLIX GP - XLV El Corte Ingles Bandera lehiatuko da. Azken estropada honetan, batetik, txapeldunak CaixaBank Coroa jasoko du, eta bestetik, Eusko Label Ligako eta Euskotren Ligako kanporaketako sailkatuak jakingo dira.
Larunbatean, 18:00etatik aurrera, Eusko Label Liga Bermeoko uretara helduko da, eta bertan, Bermeo Hiriko XXXVII. Bandera - Avia Sari Nagusia jokoan jartzearekin batera, Eusko Label Ligako eta Euskotren Ligako kanporaketako lehen jardunaldia jokatuko da. Erlojuaren aurkako formatuan hiru ontzi ariko dira lehian nor baino nor, maila goreneko txartela lortzeko eta denboraldia biribiltzeko asmoz: Hondarribia Bertako Igogailuak, Hibaika Jamones Ancin ETE Ligako txapelduna eta Zumaia Salegi Jatetxea. Ontzi horien ondoren, Eusko Label Ligako igoerako kanporaketari emango zaio txanda, eta bertan, San Pedrok, Zarautz Babyautok, Deustu Bilbaok, CR Aresek eta SD Tiranek hartuko dute parte. Bost ontzien artean bi txartel egongo dira jokoan datorren urtean maila gorenean aritzeko.
Kanporaketen lehen jardunaldia jokatu ondoren, Eusko Label Ligako lehen zortzi ontziak lehiatzeko ordua helduko da, Bermeo Hiriko XXXVII. Bandera - Avia Sari Nagusia jokoan jarriz. Lehen txandan, Cabo, Ondarroa Cikautxo, Donostiarra eta Urdaibai Avia etxeko taldea ariko dira. Bigarren eta ohorezko txandan, berriz, Zierbana Bahias de Bizkaia, Santurtzi Iberdrola, GO fit Hondarribia eta Orio Babyauto lehiatuko dira nor baino nor.
CaixaBank Koroaren lehian, Orio Babyautok du eskura, izan ere GO fit Hondarribia bigarren sailkatuari 15 puntuko aldea ateratzen dio, eta oriotarrek nahikoa dute “Ama Guadalupekoa” ontzikoengandik hiru postu atzerago geratzea matematikoki Eusko Label Ligako txapeldunak izateko. Bestalde, Jon Salsamendirenak izan ziren iaz Bermeon jokatutako estropadan 20’41”16ko denbora burututa, eta estropada eremuko errekorra bidasoarrek dute jarria 2014an kronometroa 19’16”60an geratuta.
Igandean XLIX GP - XLV El Corte Ingles Banderaren txanda iritsiko da, eta bandera horrek emango dio denboraldiari amaiera. Euskotren Ligako txartela eskuratzeko lehian ibiliko diren hiru ontziek emango diote hasiera jardunaldi handiari, 11:40etatik aurrera hain zuzen. Hondarribia Bertako Igogailuak, Hibaika Jamones Ancin eta Zumaia Salegi Jatetxea erlojuaren aurkako formatuan ariko dira bi luze eta ziaboga bakarra eginez, eta Bermeoko sailkapeneko ordenaren arabera irtengo dira traineruak. Kanporaketako irabazleak datorren urtean Euskotren Ligan aritzeko eskubidea izango du.
Eguneko bigarren estropada Eusko Label Ligako igoerako kanporaketa izango da, eta Emakumeak bezala, erlojuaren aurka ariko dira San Pedro, Zarautz Babyauto, CR Ares, Deusto Bilbao eta SD Tiran. Irteera-ordena larunbateko sailkapen ordenaren baitan eratuko da, eta estropada hori amaitzean jakingo da ea zein bi taldek eskuratuko duten hurrengo denboraldian maila gorenean aritzeko txartela.
Bi kanporaketa horien ondoren, Eusko Label Ligako hogeigarren eta azken jardunaldia jokatuko da, XLIX GP - XLV. El Corte Ingles Bandera lehian jarriz. Formatu linealean ariko dira zortzi ontziak eta lehen txandan Cabok, Ondarroa Cikautxok, Donostiarrak eta Urdaibai Aviak jokatuko dute. Bigarren eta ohorezko txandan, berriz, Zierbena Bahias de Bizkaia, Santutzi Iberdrola, GO fit Hondarribia eta Orio Babyauto ariko dira nor baino nor. Iazko estropadan GO fit Hondarribia ngausitu zen 19’40”09ko denborarekin, baina Castrok du estropada eremuko errekorra ezarria; “La Marinera” ontziak 2009an 18’58”70eko denbora egin zuen.