Albisteak 2017

BEREZIAK

25 Abu 2017

Azken lehiak ur galiziarretan

Azken lehiak ur galiziarretan

Moañan eta Boiron lehiatuko diren denboraldiko hamabosgarren eta hamaseigarren jardunaldiekin, pixkanaka-pixkanaka, amaierara ari da heltzen Eusko Label Liga

2017ko Eusko Label Liga amaitzeko, lau jardunaldi besterik ez dira falta. Denboraldiko azken estropadak izanik, eta kontuan izanda lehia zein estu dagoen, Galiziako bi hitzordak oso lehiatuak izango dira, eta denboraldiaren amaiera erabakitzeko garrantzi handia izango dute. Larunbatean, Moañan, 18.00etan hasita, jokoan egongo da XXXV Bandera Concello de Moaña - VII GP Fandicosta. Igandean, 12.00etatik aurrera, aldiz, XXVII Bandeira de Boirorekin, txapelketa Boirora lekualdatuko da.

Bi jardunaldiak linea formatuan jokatuko dira, eta estropada eremuak, lau luze eta hiru ziabogatan zatituta, hiru itsas milia neurtuko ditu. Moañan, kanpoko eta barneko balizak, ohikoa den bezala, Tiráneko kai-muturraren aurrean egongo dira. Boiron, aldiz, barneko balizak Cabo da Cruzeko portuaren parean egongo dira jarrita.

Eusko Label Ligako tripulazioak, estropada ikaragarriak eginez, denboraldi oso entretenigarria ari dira eskaintzen. Jardunaldi bakoitza arrauneko txapelketa goreneko mailaren parean dago, eta oraindik, ezer ez dago erabakita. Gaur arte, Urdaibai Avía ari da izaten talde erregularrena, eta 156 punturekin, 2017ko Eusko Label Ligako sailkapen orokorrean, buru izaten jarraitzen du. Horiengandik, soilik, lau puntutara, Hondarribia dago. Orio Babyauto, 142 punturekin eta 'txo'engandik pixka bat urrunago, hirugarren doa. 115 punturekin, Kaiku Produchak ixten du ohorezko txanda. Zierbena Bahías de Bizkaiak, 96 punturekin, bosgarren postua eskuratu du. Seigarrena San Juan Sumelec (85) da, eta zazpigarrena Tirán Pereira (73). 'Mar do Con'ekiko bost puntuko desabantailera, 68 punturekin eta zortzigarren lekuan, Ondarroa Cikautxo dago. Jarraian, 'Antiguako Ama'rengandik bi puntutara, San Pedrotarren 'Libia' doa. Hamargarren eta hamaikagarren postuan doaz, hurrenez hurren, Cabo (61) eta Ares (46). 'Santa Olalla de Lubre' traineru galiziarrak baino 15 puntu gutxiagorekin, Astillerok ixten du sailkapen orokorra.

Patroi Hoberenaren CaixaBank sailkapenean, 15 punturekin, Ioseba Amunarrizek mantentzen du lidergotza. Hondarribiarrarengandik sei puntutara, Iker Gimeno dago, eta gertutik, puntu bateko tartera, Gorka Aranberrik, Orio Babyautoko patroiak, jarraitzen dio.

Larunbatean, Eusko Label Liga Moañara itzuliko da. Hitzordu hau lehen aldiz jokatu zenetik, 2008. urte inguruan, egutegian finkatuta geratu da. Lehenengo aldi hartan, Orio Babyauto izan zen garaile. Orduz geroztik, Urdaibai Avíak bost garaipen lortu ditu proba honetan; 2011an, 2012an, 2014an, 2015ean eta 2016an. Moañako hitzordu honetan, Tirán Pereira, San Juan Sumelec eta San Pedro bezalako taldeak ere, txapeldun izendatu izan dira. Estropada honetako txandak CaixaBank Koroa eskuratzeko borrokako sailkapenaren arabera zehaztuko dira. Beraz, lehenengo txandan San Pedrok, Cabok, Aresek eta Astillerok egingo dute arraun. Bigarrenean, Zierbena Bahías de Bizkaiak, San Juan Sumelecek, Tirán Pereirak eta Ondarroa Cikautxok. Ohorezko txanda, aldiz, Urdaibai Avíak, Hondarribiak, Orio Babyautok eta Kaiku Produchak osatuko dute.

Igandean, 12.00etan, Boirora lekualdatuko da txapelketa. Bertan, oraingoz, Eusko Label Ligako bederatzi estropada jokatu dira. Hondarribiak hiru aldiz lortu du bertako bandera etxera eramatea. Orio Babyautok eta Urdaibai Avíak, aldiz, bi garaipen eskuratu dituzte eszenatoki horretan. Bestalde, garaipen batekin daude Castro eta Astillero. Eusko Label Ligan, estropada eremu honetan, orain arte egindako denborarik onena Hondarribiak du. Marka hori 2006an eskuratu zuen, 19'09"09ko denbora egin zuenean. Lehenengo sailkatuaren eta bigarrenaren arteko alderik txikiena 2005. urtean erregistratu zen, non estropada amaiera zirraragarri baten ondoren, 0"64ko tarteagatik, Astillerok ezin izan zion aurre hartu Hondarribiari. Beste aldetik, pasa den urteko denboraldian zehaztu zen sailkapen orokorreko lehenengo bi postuen arteko tarterik handiena. Estropada hartan, bigarrenari, Hondarribiari, 12"32ko abantaila ateraz, txapeldun Urdaibai Avía izendatu zen. Igandeko jardunaldi honetako txandak, eta denboraldia bukatu bitarteko estropadetakoak, Eusko Label Ligako sailkapen orokorraren arabera definituko dira. Hori dela eta, larunbatean, Moañako estropada amaitu ondoren, ezagutuko ditugu Boiroko estropadako txandak.

Kontsultatu XXXV Bandera Concello de Moaña - VII GP Fandicostako eta XXVII Bandeira de Boiroko dossierrak

Itzuli